XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

I. AMERIKETAKO LURRALDEAK ETA HERRIAK.

Ameriketako lurraldeak bi azpikontinente handitan banatuta daude; lepazintzur estu batek lotzen ditu biak elkarrekin: Ipar Amerika, Ertamerika eta Hego Amerika dira lurraldeok.

Ameriketa ipar-iparraldetik hego-hegoalderaino 16.000 kilometrotan luzatzen den kontinentea da.

Alde handiarekin, Lurreko kontinenterik luzeena da Ameriketa (azaleraz Asia luze-zabalagoa bada ere).

* 1. Geografia ezberdin ugariak.

Alaska-tik Patagonia-raino, bizkarrezur orografiko handi bat du Amerikak (Mendi Arrokatsuak-Andeak), baina ez zaizkio lautada ederrak falta mendikate horietatik Ekialderantz, Atlantikoraino, Kanada-n, Estatu Batuetan edo Amazonian.

Klimari gagozkiola ere, alde nabariak ditu Amerikak, bere luzeagatik klima-mota guztiak agertzen bait dira hango lurraldeetan.

ltsas korronteak, lurraren erliebeak eta haizeen nondik norakoak, latitude bereko eskualdeetan ere, klima ezberdinok eman dituzte.

Bestalde, Ameriketa osoan ez dago aldibereko negu edo udarik, Europa-n bezala: Hegoaldean negua denean, Iparraldean uda da.

Klima erabat kontrajarriak ere badaude kontinentean.

Alaska-ko eskimala larruz jantzi-jantzita agertzen zaigu liburuetan, baina Ertamerikako edo Amazonia-ko indioak larru bizian ikusi, ohi ditugu.

Bero-hotzek eta euriak eskualde klimatiko oso ezberdinak sortzen dituzte: AMAZONIA. Ekonomia eta bizimoldeak bizitza tropikalera egokituak: etxebizitza irekiak, ehiza eta arrantzara emanak. Gaur egun ere honelakoxe etxeak ikus daitezke, hiri modernoen inguruetan ere (Beni, Bolivia).